Bilduma: Berritxuarrak: Argazkiak berbetan (1887-1960)
Iragana, lepoan daroagun zama edo dotea da, gu gaur egun zer eta nor garen adierazteko altxor baliotsua.
Gur…
Iragana, lepoan daroagun zama edo dotea da, gu gaur egun zer eta nor garen adierazteko altxor baliotsua.
Gure herriaren gaur egungo izate eta nortasuna, bere iraganari zor deutsoguz. Hori azaltzeko, mila berba jaso baino, sarritan, argazki bakar bat baliogarriagoa da. Ideia hori oinarri harturik eta kontuan izanda Itziar Aramaioren "Berriatuko euskararen zenbait alderdi" liburuko argazki zaharrek herrian izan Eben harrera, esku artean dozun liburu honi ateak zabaldu geuntsozan duela pare bat urte.
Lan honek baina, bere jatorritik, ez dau helburu bakartzat izan Berriatuko argazki zaharrak biltzea, ez horixe! Udalak, Ongizateko arloari lotuta, batez be, adinekoen eta erakundearen arteko harremanak estutu nahi izan dauz lan hau abiapuntutzat hartuz.
Ongizateko zinegotziak alkarlan zuzenean aritu izan dira herriko adinekoekin argazki zaharretan murgilduta; baina aldi berean, hauen kezkak eta beharrak zuzenean eurengandik biltzeko aukera bikaina izan da.
Hala bada, gai honekiko jendearen grina, herriko ondarea lantzeko aukera eta guztion arteko alkarlana bultzatzeko, "Berritxuarrak. Argazkiak berbetan: 1887-1960" proiektua, 2012an jarri genduan martxan. Urte hauetan, herriko 43 familiak argazki mordoa ekarri ostean, 500 argazki zahar baino gehiago bildu doguz. Argazki horiek guztiak jartzea ezinezkoa izan danez, antzinatasuna eta gaia hartu dira kontuan, hurrenez hurren. 1887tik 1960ra bitarteko argazkiak ageri dira liburu honetan. Horiez gain, herriko momentu historikoen argazkiak be ikusteko aukera izango dozue.
Lan hau, beraz, herriari zor jako, herriak berak egin dau, bera da lan honen egile. Udaletik, Saioa Lopez eta Itziar Aramaio zinegotziek, koordinazio eta informatizazio lanak egin dabez, eta eurei eskerrak emoteko aprobetxetan dot aukera hau. Baina hor, tinko, urte hauetan egin diran bilera guztietara hurreratu etaeuren laguntasuna eskaintzen aritu diran herritarrak aipatu gabe be, ez neuke hitzaurre hau bukatu nahi. Hori dala eta, udaletik eta herriaren izenean, eskerrik beroenak ondorengo Berriatuarrei: Joseba Arregi "Altzu", Mari Karmen Bereikua, Juan Luis Eizagirre, Jose Mari Kareaga, Maria Angeles Urriolabeitia eta Maria Angeles Elu, besteak beste.
Beste barik, gogoko izango dozuelakoan agurtzen natxatzue,
Imanol Mugartegi Aranbarri
ALKATEA