Goikolau Kultur Elkartea

goikolau-logoa

 

Berriatuko Goikolau Kultur Elkartea irabazi asmorik gabeko elkartea gara, 2012tik Berriatuko ondarea jaso, ikertu eta ezagutarazteko helburuarekin gabiltza, herriari buruzko ezagutza eta kontzientzia astintzen.

Ondarea ikuspegi zabal batekin ulertzen dugu. Ondare materialari zein immaterialari begiratzen diogu, eta ondarea bera etenik ez duen hari bat bezala ulertzen dugu, komunitateari edo herriari lotuta: iraganeko herritarrek egin zutena eta egungo herritarrek egiten dutena ezagutarazi eta balioan jartzeak, herriko etorkizuna eraikitzen lagunduko duela sinesten dugu.

Berriatuak ondare aberatsa du, monumentu eta katedral ikusgarririk izan ez arren. Ezkutuko ondare hori erakustea da Goikolauren nahia: iraganeko aztarnak, urtean zehar herria bizirik mantentzen elkarteek egiten duten lana eta parte hartzea, natur ondarea, …. Alor ugari daude ezagutzeko eta ezagutarazteko.

Ondare gaiak ardatz, ikerketa, erakusketa, hitzaldi, elkarrizketa, dokumental eta material bilketa egin dugu. Erroak Loran eguna antolatu eta Goikolau Sariak banatzen ditugu, herriko eragileak ezagutarazi eta balioan jartzeko helburuarekin.

Alor bakoitzeko adituak ekarri ditugu, guk jakin ez eta ezagutu beharko genukeenaz jabetzeko; hitzaldi eta gogoetak antolatu ditugu; bideoz grabatutako hainbat elkarrizketa egin ditugu, herritarren jakintza jasotzeko; argazkiak eta dokumentuak bildu; … eta hala egiten jarraitzeko asmoa dugu.

"Berriatuko Herri Ondarea" egitasmo hau abiatzean, jasotakoaren zati bat argitaratu ahal izan dugu. Hurrengo urteetan batutakoa argitaratzen eta urtero gehitzen duguna ere webgunean erakusten joango gara.

Eta zuek ere bidelagun izatea nahiko genuke: Berriatuko Herri Ondareari buruz zerbait osatu edo gehitu nahi izanez gero, jarri mesedez gurekin harremanetan formulario honen bidez edo goikolau@gmail.com helbidera idatziz.