Berriatuko Herri Ondarea

Berriatuko ondare ikusezina bistaratzeko sortu da "Berriatuko Herri Ondarea" egitasmoa. Garai batean sutondoan egiten zen jakintzaren transmisioari, internet bidez jarraipena emateko.

Goikolau Kultur Elkarteak bere jardunean bildutako ezagutza guztia denen eskura jartzea izan da egitasmo honen helburua, eta herriari buruzko jakin-mina piztu, eta jakintza berriak sortzea. Herritarren elkargunea izatea nahi da, bakoitzak bere ezagutza partekatzeko eta besteak dakiena jasotzeko.

Hemen ikusi dezakezue bideoa: 

Internetera salto egin aurretik, jasotako guztia aztertu eta artxibo antolatu bat bezala eratzea izan zen Goikolau Kultur Elkarteak egin zuen lana. Horretarako Nere Erkiaga dokumentazio aholkulariaren laguntza jaso zuen, eta analisiaren ondoren, herri ondarearen inguruan egindako lana interneten erakutsi ahal izateko datu-base baten egitura eta funtzionamendua diseinatu zuen. Eta azkenik Codesyntax enpresa batu zen, egitasmo honen hirugarren oinarria, garapen teknologia gauzatu duena. Denen artean osatu dute Laratza datu-basea, "Berriatuko Herri Ondarea" interenet atariaren azpian dagoen tresna.

Hasiera eman diogu internet plazara irtenda, eta etorkizunean orain arte jasotakoa eta urteroko lanei esker ere jasoko den guztia "Berriatuko Herri Ondarea" atarian argitaratuko du Goikolau Kultur Elkarteak.

Eraikitzen dagoen tresna da "Berriatuko Herri Ondarea". Hemen aurkituko dituzun fitxetan dagoen informazioa osatzen eta aberasten joango gara, denon artean, herriari buruzko jakintzan sakonduz.

 


Nortzuk egin duten

Egitasmo hau Goikolau Kultur Elkartearena da eta Berriatuko Udalarekin elkarlanari esker eta Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntzarekin gauzatu da.

Eta Goikolau Kultur Elkarteko bazkideei eta Berriatuko herritarrei esker egin ahal izan da.

Eskerrik asko denoi!!

Goikolau Kultur Elkartea