Gaia: Hezkuntza eta auzo-ikastolak Berriatuan
XIX. mendearen bigarren herena arte, Bizkaiko biztanleriaren %60-80 erabat analfabetoa zen, baina haurren eskolatzea…
XIX. mendearen bigarren herena arte, Bizkaiko biztanleriaren %60-80 erabat analfabetoa zen, baina haurren eskolatzeak aldaketa nabarmena ezagutu zuen XX. mendearen hasieran, batez ere nekazal inguruetan eta industria - zein meatze - auzoetan, Diputazioak 1919tik aurrera auzo-eskolak sortzeari esker.
Lehen mailako (5-14 urte arteko) eskola hauek izateko asmoa zuten herriek edo auzoek hainbat baldintza bete behar zituzten: auzotar-elkarteek hamar auzotar baino gehiagoz osatuta eta eskola hurbilenarengandik, gutxienez, kilometro batera egotea, esaterako. Horrez gain, auzoak berak, edo udalak, eskola eraikitzeko lursail egokia eskaini behar zuen.
Auzotarrek zuzenean lagundu zuten eskola haietako asko altxatzen. Diputazioa bera arduratzen zen eskola-materiala eta maisu-maistren mantentzeaz eta ordaintzeaz. 1936an, gerra zibila lehertzerakoan, Bizkaian irekita zeuden 125 bat auzo-eskoletatik bi Berriatuan kokatzen ziren: Asterrikakoa, 1925ean inauguratua, eta Milloikoa, 1926an.
Jatorrian benetako “euskal” eskola moduan sortuak (“Bizkaia´ren Auzo-Ikastola” izena zeramaten), laster aldaketa garrantzitsuak jasan izan zituzten bere orientazioan, euskararen erabilera ere nabari murriztuz.
Gero, jada gerra garaian, 1937an, behin betiko izaera aldaketa sakona ezagutu zuten, Diputazioen eskumenak murriztu edota ezabatu ondoren, estatuaren eskuetara igaro zirenetik aurrera, izena bera ere aldatuz: “Escuelas Nacionales de barriada”.