Gaia: 36ko gerra Berriatuan
36ko gerra gogorra izan zen berriatuarrentzat. 1936ko urritik 1937ko apirilaren 27ra artean, Gudariak eta milizianoa…
36ko gerra gogorra izan zen berriatuarrentzat. 1936ko urritik 1937ko apirilaren 27ra artean, Gudariak eta milizianoak, Asterrikako auzo inguruetan zeuden kokatuta. Frankistak, Madalena auzo inguruetan. Bi fronteen erdian, Berriatuko herria zegoen.
Herrian bertan edo herritik hurbil sei berriatuar hil ziren: bi bonbardaketen ondorioz hil ziren (Juan Domingo Arriola eta Doroteo Elordi); lau tiroen ondorioz (Engrazia Bikandi, Gregorio Oregi, Pedro Eizagirre eta Eulogio Garate) eta bat fusilatuta (Jose Sagarna abadea). Berriatuako lurretan miliziano batzuk ere hil ziren; eta baita Blas Larrinaga 9 urteko ume ondarrutarra ere.
Berriatuatik kanpo zortzi berriatuar hil ziren: bi fusilatuta (Bizenta Atxurra moja eta Bonifazio Egurrola) eta sei frontean borrokatzen ari zirela (Adrian Bollar, Asensio Laka, Jose Mari Arregi, Jose Antonio Bengoetxea, Pedro Basterretxea eta Jose Retolaza).
Beraz, guztira 15 bat berriatuar hil ziren Gerra Zibilean.
36ko gerrak beste ondorio larri batzuk ere ekarri zituen.
1937ko otsailetik 1937ko maiatzera arte, Berriatua ia hutsik gelditu zen. Beldurragatik; etxea frontetik hurbil gelditu eta militarrek etxetik irtetera behartu zituztelako; edo Euzkadiko Jaurlaritzak martxoaren 19an herria husteko agindua eman zuelako, berriatuar guztiek ihes egin zuten herritik. Ondorioz, garaiko jendearen bizibide garrantzitsuena, nekazaritza, apurtuta gelditu zen, eta herritarren diru-sarrerak murriztuta.
Gerraren beste ondorio larri bat abertzale eta errepublikazaleen aurkako errepresioa izan zen. Frankistek 25 pertsona atxilotu zituzten, 7 emakumeri ilea moztu zieten, asko bortxazko-lanak egitera behartu zituzten edo/eta isunak jarri zizkieten.
Gerra aurretik ere, tradizionalista, monarkiko, abertzale eta errepublikazaleek interes eta iritzi desberdinak zituzten, baina elkarrekin parte hartzen zuten herriko bizitzan. Gerrak ideologia desberdinekoen arteko harremanak apurtu zituen.
Gerrak galtze kulturalak ere ekarri zituen. Alde batetik, frontea Berriatuan geldirik egon zen zazpi hileetan, eskola itxita egon zen, eta sei eta hamahiru urte arteko umeak eskola barik gelditu ziren.
Gerrak euskal kultura eta euskara ere astindu zituen. Euskara erabiltzea debekatu egin zen eskoletan, eta sermoiak eta dotrina ere erdara hutsean emateko agindu zitzaien abadeei.
Berriatuako ondare historikoak ere sufritu zuen: batetik, baserri batzuk erreta eta apurtuta gelditu ziren, eta bestetik, desagertu egin zen Asterrikako Errementarikua baserriaren osteko ermitan zegoen San Lorentzo Txikiren irudia.