Gaia: Kortak eta kortarriak
Korta zirkulu perfektuaren formako lursaila da, eta erdiko mugarri bakarra du, austarria izenekoa. Bertatik abiatuta…
Korta zirkulu perfektuaren formako lursaila da, eta erdiko mugarri bakarra du, austarria izenekoa. Bertatik abiatuta, kortaren zirkunferentzia markatzen da, gehienetan, beste lau mugarrirekin.
Euskal Herrian, kortei buruzko lehen aipamenak XI. mendekoak badira ere, litekeena da lehenagotik ere horiek erabili izana. Erdi Aro berantiarreko lehen gizaldietako ekonomia, neurri handi batean, abeltzaintzan oinarritzen zen; batez ere, behien zaintzan. Herriko ganaduak lur komunaletan bazkatzeko eskubidea zuen eguzkia irten eta sartu arteko denbora tartean, baina iluntzerako ganadua lur horietatik atera eta bildu egin behar zen. Eta hain zuzen horretarako ziren kortak, gabaz ere azienda mendian bertan eduki ahal izateko. Egunsentian, eguneko lehen argiekin, ganaduak inguruko larreetara berriz eramateko azkartasunagatik zuen balioa kortak garai hartako gizartean.
Gaia aztertu duten autore gehienak bat datoz bi motatako kortak zeudela esaterakoan: negukoak edo korta nagusiak eta udakoak edo korta txikiak. Neurriei dagokienez, lehenengoaren erradioa, bigarrenenaren bikoitza izaten omen zen, 250-265 eta 120-125 metro ingurukoak, hurrenez hurren. Berriatuako udalerriaren barruan dauden 18 kortak lehen mota horretakoak dira; hau da, neguko kortak. 22 hektarea inguruko azalera dute.