Gaia: Kofradiak
Ermitaren inguruan antolatutako auzo-erakundeari kofradia deitu zaio Bizkaiko hainbat lekutan, baita Berriatuan ere.…
Ermitaren inguruan antolatutako auzo-erakundeari kofradia deitu zaio Bizkaiko hainbat lekutan, baita Berriatuan ere.
Bizkaiko elizateen lurralde-mugatze prozesuan eliz-demarkazioak, parrokiak, eginkizun erabakigarria jokatu zuen. Gerora, egituraketa soziopolitikoa, elizatea, gainjartzen zaiola erlijioso eta elizarenari esan dezakegu. Berriatuko lehenbiziko San Pedro parrokia-eliza XII. mendean eraiki zuten orduko sendi ahaltsuek, aurretiaz leku berean zegoen S. Pedro ermitaren gainean, ordura arte Lekeitioko Santa Mariakoaren “eliztarrak” ziren hainbat, harengandik bananduz. Haren inguruan joango da antolatzen Berriatuko elizatea, Bizkaiko Jaurerriaren erakunde gorena ziren Batzar Nagusietan bere jarleku propioa izan zuena.
Elizatearen barruan, ordea, ezinbestean azpimarratu beharra daukagu auzoaren garrantzia, hura eratu eta formalizatu aurreko lurralde antolaketako modu naturala auzoa izan baitzen. Eta auzo-bizitzaren ardatza, ermita zen, kultu erlijiosoaz gain, funtzio zibilak ere betetzen dituena. Bere inguruan antolatutako auzo-erakundeari kofradia deitu zaio Bizkaiko hainbat lekutan, baita Berriatuan ere.
Auzotarren batzarra zen Kofradiaren organo gorena eta, normalean, premia bereziko kasuetan salbu, urtean behin biltzen zen, ermitaren atarian. Bertan urteroko karguak aukeratzen (maiordomoa eta basozaina) eta auzotarren artean egin beharreko jarduerak antolatzen zituzten, batez ere auzolana (bidegintza, zuhaitz landaketak, etab.).