Gaia: Erregebideak
Euskal Herriaren historian zehar ehunduz joan den galtzada, bide eta bidezidorren sare zabal horretan aurki ditzakeg…
Euskal Herriaren historian zehar ehunduz joan den galtzada, bide eta bidezidorren sare zabal horretan aurki ditzakegun bide motak askotarikoak dira: Erregebide, gurdibide, mandabide, bidezidor, andabide, etab. Sare zabal horren barruan maila handieneko bideei esaten zaie erregebidea.
Garai hartako funtsezko komunikazio-arteriak ziren Europan aitzindari izan zen merkataritza eta industria siderurgikoa sortzea ahalbidetu zutenak, burdinolak kasu. Aldi berean, biztanleria-mugimendu etengabea ahalbidetu zuten udalerriak, elizateak eta hiribilduak, elkarren artean lotzen baitzituzten.
1526ko Bizkaiko Foru Barriak (27. Tituluaren II Legea) 20 oineko (5,60 m) zabalera ezartzen du erregebidearen ibilbide osorako. Are gehiago, mendatetatik zein oletatik itsas portuetara zihoazen erregebideak lau braza eta erdiko zabalera (ia zortzi metro) izatea ezartzen du, gurdiek, topo eginez gero, elkarri igarotzea eragotzi ez diezaioten.
Bide horien kontserbazioa eta mantenua zuzenean Errege Zedula bidez enkargatzen zien Korrejidoreak berak hiribilduei eta elizateei.
Bide horietako asko errepide berrien trazaduratik kanpo geratu ziren XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran; hala eta guztiz ere, horietako zati batzuk ondo kontserbatuta daude. Esate baterako, Berriatutik Ondarroarakoa, edo hiribildu hori Lekeitokoarekin lotzen zuena; izan ere, Lekeitoko erregebideak bere horretan jarraitzen du Mendexa eta Asterrikako galtzada zaharretik.