Gaia: Marraga eta marraganak
Marraga edo marrega esaten zitzaion, oro har, ehun edo oihal zakarrari, lihozkoa zein artilezko. Haririk finena oher…
Marraga edo marrega esaten zitzaion, oro har, ehun edo oihal zakarrari, lihozkoa zein artilezko. Haririk finena oherako maindireak egiteko edo pertsonen barruko arropa egiteko erabiltzen zen bitartean, marragazkoak izan ohi ziren, esaterako, burua eta soina estaltzeko kapusaiak eta artile zakarrezko galtzerdiak.
J. Caro Barojaren arabera, euskal artzainen jantzi tradizionala kaputxa batekin estaltzen zen, kapusaia, ehun nabarrekoa, marragazkoa. J.A, Mogelengan ere ikusten dugu Peru Abarkak Maisu Juani, olagizonen lana bertatik bertara ezagutzera joateko asmoa adierazten dionean, egoki jantzita joateko gomendioa egiten diola; honela: “Praka odolestubak (panazkoak), abarka ta dagokazan kalzerdi marragazkuak ta buruban txapela”.
Marragazkoak izaten ziren, halaber, abereak, gurdiak eta abar estaltzeko erabiltzen ziren estalkiak, oihalezko zein artilezkoak; baita, soroko produktuak biltzen edo artilea, moztu ondoren eta multzoka, pisatzen erabiltzen ziren izarak edo burusiak. Era berean, marraga esaten zaio bastak eta koltxoiak edo lastairak egiteko erabiltzen zen artile zatarrari. Hauek artakapatxez edo lastoz betetzen zirenean, lastamarraga.