Gaia: Ermitak
Bizkaian zazpiehun ermita baino gehiago izan dira, leku eremuetan kokatuak gehienak. Gaur egun hor irauten dute hori…
Bizkaian zazpiehun ermita baino gehiago izan dira, leku eremuetan kokatuak gehienak. Gaur egun hor irauten dute horietako laurehun inguruk, duten balio arkitektoniko eta artistikoaz gain, gure ohiturekin guztiz lotutako ondare kulturalaren zaindari bailiran.
Horiek guztiak, bere errito eta usadioak barne, kristautasunak buruturiko lurralde sakralizazio prozesuaren lekuko dira guk ezagutu ditugu forman. Baina, horrez gain, eta seguruenik aurretiaz ere, zeresan berezia izan dute egungo ermiten kokaleku askok edo gehienek, bertan aurki zitekeen elementu esanguratsu baten (zuhaitzen bat, esaterako) inguruan elkartuz, sortzen zen komunitatearen artikulazioan. Leku horrek zuen esangura kontuan hartuz eraikiko dira ermitak puntu horietako askotan. Ondoren, ermitak berak hartuko du funtzio sozial horri, bere berariazko eginkizun erlijiosoari erantsiko zaiona.
Horrela sortuko da Kofradia, auzoaren eremua administratiboki eratu eta kudeatuko duen erakundea eta ermitaren atarian edo inguruan bere batzarlekua izango duena. Bertan, euren arteko jokabidearen irizpideak eta lehentasunak ezartzeaz gain, kargudunak hautatzen ziren, Maiordomoa eta Basozaina.
Egituraketa horretan esanahi berezia hartzen du ermitaren jaiak ere, komunitatearen parte izateko sentimendua behin eta berriro erritualizatzen duen heinean. Jai-erritu guztiek eguneratzen edo esplizitu egiten dute komunitateko kide izateko sentimendua, auzotartasuna harrotasunez agertzeko unea bilakatuz.