Gaia: Ur-errotak
Errota hidraulikoari buruzko aipamenak ugariak eta zehatzak dira Euskal Herri osoan XIV. mendetik aurrera. Err…
Errota hidraulikoari buruzko aipamenak ugariak eta zehatzak dira Euskal Herri osoan XIV. mendetik aurrera. Errota hauetan, gehienbat, garia ehotzen zen lehenago, eta gero artoa ere.
Errotaren hedapenean faktore garrantzitsu bat XVIII. mendeko artoaren iraultza bezala ezagutzen den fenomenoa izan zen. Ameriketatik ekarria, XVII. menderako artoa Euskal Herri hezearen eremu osoan zabaldu zen. Ale-ekoizpen handitze honi erantzun beharrak errota kopuruaren ugaritze nabaria ekarri zuen.
Errotaren funtzionamenduari dagokionez, ibaian behera datozen urak, presa batek desbideratzen ditu, eta errotara bideratzen ubide batetik errota-etxearen hormaren kontran dagoen andapara, izena ematen zaion ur biltegiraino. Antapararen hondoan bere horma eta errota-etxearena zeharkatzen dituzten zulo batzuk daude. Hauetatik ura gurpil batzuetara bideratzen da hodi edo kanoi luze batzuetan zehar, txifloia izeneko burdinazko aho batean amaitzen direnak. Txifloiek duten zirrikitu batetik burdinazko paleta bat sartu eta atera eginaz uraren irteera kontrolatzen da, ehotze-gelaraino doan burdinazko haga bati eraginez. Bidea zabaltzerakoan, urak indarrez jotzen ditu errudak dituen paletak edo alabeak, eta biraraziz errotaren sistema mekaniko guztia mugimenduan jartzen du: ardatz baten bidez ehotze-gelan dagoen gaineko harri mugikorra finkoa den azpikoaren gainean biraraziz bien tartera erortzen den alea ehotzen da.