Lekua: Asterrika auzoa
Asterrika auzoak Berriatuko ipar-mendebaldea hartzen du, Artibai itsasoratzen den gunetik mendebaldera, Mendexako mu…
Asterrika auzoak Berriatuko ipar-mendebaldea hartzen du, Artibai itsasoratzen den gunetik mendebaldera, Mendexako mugaraino. Hego-mendebaldean Merelludi auzoa du mugakide. Ekialdera Artibai errekaren beste aldera Madalena auzoa dauka.
246 metroko garaieran, itsasoari begira, San Lorentzo ermita eta bere inguruko sei baserrik osatzen dute auzo- gunea, urrunago dauden baserri gehiago ere auzokide dituelarik. Goimendi magalean, ekialdera, errekondoan Gardotzako Andra Mari ermita ere bere barnean dago, Arantzibia dorrera begira. Dozena erdi korta ere bere barnean ditu.
322 metrorekin, Kalamendi tontorra du gailurrik garaiena. 1936ko gerrako lubaki aztarnak daude bertan.
1925ean eraikitako eskoletxea eta ferratokia ere bertan daude.
Itsasertzean, Ondarroatik Lekeitiorako erregebidea (errepidea) dago.
1327an, Ondarroako hiribildua sortu zenean, hiribildu barruko lurrez gain baserri batzuk ere Ondarroa izatea erabaki zuten. Ermita ere Ondarroako elizbarrutiaren menpe geratu zen. Ondorioz Burgain baserri biak, Allukiz, Solozarreta, Alipasolo, Kurutze, Ergaitz (desagertua), Sagarmintza, Olabarrieta eta Etxano Berriatuko elizbarrutiko dira eta Ikatza, Itola, Konde Etxebarri, Urkiaga Goikoa, Urkiaga Behekoa, Zelaikoa, Orueta Zaharra, Aldeko, Anakabe, Arriaga (desagertua), Asterrikakua, Beketxe, Eguren, Errementarikua, Serotetxe, eta Orueta Barri, Ondarroako elizbarrutikoak dira. Artibaitik mendebalderako Errenteri auzoko sail batzuk ere Ondarroako elizbarrutikoak dira.