Lekua: Madalenako ermita
Madalenako ermita, Arantzadiko Madalena legez ere ezagutua, izen bereko auzoan kokatuta dago, ez da aurkitu bere sor…
Madalenako ermita, Arantzadiko Madalena legez ere ezagutua, izen bereko auzoan kokatuta dago, ez da aurkitu bere sorrera datarik inon. Madalenako gunea osatzen dute, ermitak, serotetxeak, gurutzeak eta sarnapotzuak.
Lauki zuzeneko oina du, teilatua bi uretara. Aldara aldean begi bakarreko kanpai-horma du. Eta bertako kanpaiak "Santa Maria Madalena Ano de 1859" du idatzita goiko aldean, "Hoya me hizo" erdialdean, eta behean perfilatutako erraiak ditu inguru guztian. Hoya hori, Kantabriako Arnuerokoa zen Antonio de la Hoya kanpaigilea izan daiteke, garai horretan Lekeitioko eta beste herri batzuetako kanpaiak ere egin zituena.
Ermita joten, aldamenean, serotetxea dago. Iparraldeko horman irudi antropomorfo bat du. Hegoaldeko hormaren ondoan, Arantzadiko kortarria dago.
1973an sute batek dena hondatu zuen. Orduan Madalena, Lazaro eta Martaren irudi zaharrak desagertu egin ziren. 1974an auzolanean berriztatu zen.
Uztailaren 22an, Madalena egunean, jaiak izaten dira. Herri kirolek garrantzia handia dute eta trikitixa, bertsolari, mus txapelketa, bazkaria eta abarrak izaten dira.