Lekua: Maitena
Maitena sagardotegia XX. mende hasieran jasotako eraikina da. Erribera auzoan kokatzen da. 1916 urtean sortu zuten e…
Maitena sagardotegia XX. mende hasieran jasotako eraikina da. Erribera auzoan kokatzen da. 1916 urtean sortu zuten enpresa, eta 60ko hamarkadan itxi zuten. Sagardo bizia, gozoa edo dultzea ekoizten zuten batik bat, eta ohiko sagardoa eta txakolina ere bai.
Garai hartako estiloan jasoa da, eraikin aurpegiak hiru zati ditu, erdi-erdian sarrerako atea agertzen da, eta alboko kantoi bietan aurrera irtetzen diren dorre antzeko bi ditu, aurrealdera eta alboetara leihoak dituztelarik beheko solairuan eta lehen solairuan. Kantoiak, fatxada buruak, leiho erremateak eta horma oinak adreiluz apainduak ditu. Aurpegi honi jarraituz, atzealderantz pabiloi altu eta luzea dauka.
Atzealdean zeuden tolbak edo toberak, sagarra pilatzen zen lekua, goitik behera bere kabuz garbitzeko ur putzura jausten joateko. Garbi putzua, sagarra joteko herraminta eta dolarea barruan zituen. Dolarea Alemaniatik ekarria zen eta urezko ponpaz mugitzen zen prentsa.
Bere premietarako behar zuen ura, Arane inguruko ur emari baten hartu eta sagardotegira bideratuta zeukan.