Pertsona: Garate, Jose Maria


Jaiotza-data: 1870-09-23
Heriotza-data: 1950 ingurua
Heriotza-lekua: Bilbo > Bilboaldea > Bizkaia

Azalpena:

Jose Mari Garate Gallastegi (Berriatua, 1870 - Bilbo (?), 1950 ingurua). 

Berriatuako Muniosolo baserri…

Azalpena:

Jose Mari Garate Gallastegi (Berriatua, 1870 - Bilbo (?), 1950 ingurua). 

Berriatuako Muniosolo baserrian jaioa, 1870eko irailaren 23an, aita Antonio Maria Garate, Xemeingo semea, hargina, eta ama, Madalen Gallastegi, Muniosolo baserriko alaba. Bera baino hiru arreba zaharrago zituen, Lontza, etxera ezkondu zena, Marixe, Markinara ezkondu zena eta Antoni, Bilbora ezkondu eta Jesus Aranbarri musikalariaren ama izan zena.

Baserriko zama gustukoa ez, eta nahiago zuen bertsotan eta dantzari aritzea. Bere lanetan erakusten duenez, Mexiko aldetik ibili zela dirudi. Bueltan, Bilbon jarri zen atezain, bere arreba Antonirengandik hurbil. Ez zen ezkondu.

Errepublika garaian Euzkadi aldizkarian hainbat kronika, bertso eta olerki idatzi zituen, gehienak Berriatuko gertakari, kondaira eta ipuinetan oinarritutakoak. Hitz neurtuz ere olerkiak bertsoak eta koplak argitaratu zituen. Jeltzale sutsua, mitinetan ere parte hartu zuen. Berriatuan ospatutako Euzko Alderdi Jeltzalearen lehen mitinaren kronika idatzi zuen, eta baita beste artikulu batzuk ere: "Aberri eguna",  "Eusko Aberria", "Batzartokia" eta abar. Abertzaletasuna sustatu asmoz idatzitako artikuluak dira.

Lauaxetaren lagun mina izan zen. Beraien arteko eskutitzak eta idatzien zuzenketa ugari agertzen dira Jose Maria Garateren paperen artean.

36ko gerra garaian gudariak animatzeko bertso sortak idat zituen, "Milloiko Gudariei", "Gora Euzko Gudariak" edo "Kalamenditik Milloi" adibidez. Tapia eta Leturiak musikatu eta publikatu zuen azken hau, "Agur Intxorta maite : 1936-1937 gudako kantuak" diskoan. Berriatuari buruzko hainbat bertso eta idatzi ere sortu zituen. Berriatuko mendiak, euren iturriak, baserriak, ermitak, jaiak, ospakizunak eta abar, jorratu barik ez zuen utzi herriari buruzko ezer. Eta beste aldetik, amumagandik ikasitako ipuinak, kantak eta leiendak  ere jaso zituen, denak bereziak eta garai bateko erakusle direnak. Bere sorkuntza guztia euskaraz egin zuen, garai hartako euskaran, eta kontutan hartu behar da bizkaieraz idazteko eredu homologaturik ez zegoela.

Gerra ostean isildu egin behar izan zen. Bilbon hil zela uste da baina ez dago bere heriotza data zehatzik. Dakigun bakarra 1946ko otsailean gaizki zegoela baina bizirik, bere iloba Jesus Aranbarrik ezkutitz batean zionaren arabera. 

Jose Mari Garatek sortutako idatzien bilduma argitaratu zuen Goikolau Kultur Elkarteak, bere lan guztien testu orijinalaren aldamenean Xabier Amurizak bizkaiera gaurkotura ekarritako testuekin batera. 

Erabilitako iturriak/Ikus ere:
Ikusi ere:
Erlazionatutako pertsonak: Aranbarri Garate, Jesus
Erlazionatutakoak:

Argitalpenak